XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

makila eta sokekin zetozen gizakiei aurre egin behar izan nien, era berean, Inglaterra aldeko gauetan hain ugariak diren otso gosetuei muzin egin eta hainbat eta hainbat larrialdietatik ihes egin.

Aste bete inguru oinezean jardun ondoren, lehenago inoiz ikusigabeko ur-putzu izugarri bateraino heldu nintzen, benetan itzela, handia, hitz batean, ikaragarria; nuen egarriarentzako aparteko asegarria zen aukera nuen nire bi begien aurrean, baina aurreneko miazkada eman bezain pronto... Buuuaaaajjjj!!!!!!!! Zapore mingotseko likido arraroa zen hura, ohizko uraren itxura izan arren, konparaziorik ere ez zuena; gainera, etengabeko joan-etorrian ziharduen.

Egunak eta egunak eman nituen putzu hura zeharkatuko zuen zubiaren bila, baina alfer-alferrik: ez nekien zer egin.

Astetan buruari bueltak ematen ibili eta gero, nire salbatzaileak suertatu ziren hegaztiekin topo egiteko aukera izan nuen, hegoaldetik bueltan zetozen txoriak.

Haiek kontaturikoa ulergaitza iruditu bazitzaidan ere, sinestea baino beste erremediorik ez nuen; material gogorrez eginik dauden monstruo horien sabelean sartzeko aholkatu zidaten txori ahaztezin haiek, bertako zama izango banintz bezala pasatuz.

Ikara galanta igaro ondoren, eta zorabiatu egin ninduten monstruo haren mugimenduak behingoz amaitu zirenean, posible izan nuen bezain laster hanka egin nuen bertatik, bide batez, inoiz ahaztu ezingo dudan gizakien Jainkoak eginiko putzu handi hura atzean utzi nuelarik.

Lurralde berri batean egoteak nire egoera gehiegi aldatu ez bazuen ere, Behi-eroen gaixotasuna zela eta, neu akabatzeko arrisku eskasagoa zegoen.

Jadanik, atzean gelditzen ziren igarotako arrisku eta kalamidade oro, baita hain pena handiarekin utzi nuen oroitzapen maitagarriez beteriko borda hura, bizimodu berri bati hasiera emateko ordua heldua zelarik...

Eta oinezean eta oinezean... zuen etxalde honetara heldu nintzen pare bat egun dela. Nire azkenengoko urteak hementxe ematea nahi dudan arren...

- Zer!! nork debekatzen dizu bada???? -Mariek.

- Ez... baina... - Karolinek konbentzimendu gutxirekin.

- Ba orduan... ez dadila gehiago hitz egin. Karoline gurekin gelditzen da gure babespean!! -Klaudik erabakiortasun osoz.

- Hori, hori!! Gaurtik aurrera holandar nazionalitatea izango duzu, horrela, inork ez du zutaz susmo txarrik izango, ezta Behi-eroen gaixotasunaz ere.

- Gizaki gizarajoak... gaixotasun hori Inglaterran soilik dagoela uste badute... -Karolinek pentsakor.

- Tira, tira!! Utz diezaiogun hitz egiteari eta joan gaitezen ihintzak gozotutako belar orlegia jatera, sabelak eztanda egin arteraino... -Estefanik agintari bezala.